XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Balada honek lehorra aurkitu ezinik nabigatzen den untzi baten mentura dramatikoa kontatzen digu.

Azken jakiak bukatzean, guztiak salbatzearren zeinek hil egin behar duen zorte egiten dute, kapitainak galtzen duelarik.

Honek orduan marinel gazte bati mastaren puntatik begiratzeko agintzen dio, lehorra erideteko itxaropenean.

Marinelak urrunean kapitainaren alaba bere egitekoetan ikusten du; kapitainak, bere bizitza salbatzea eskertzearren, eskeintza batzu egiten dizkio.

Baina marinelak uko egiten ditu, berak nahi duena, gehienetan, untzia bera bait da.

Dena den, portugaldar aldaera batzuetan, deabrua da eta kapitainari honen arima esijitzen dio.

Euskal baladak, ezagutzen ditugun aldaeretan behintzat, aldaketa batzu ditu jatorrizko gaiarekin gonbaratuaz: haietan aurkitzen ditugun istorioak laburragoak izanik, irudimen gehiago eskatzen dio entzuleari: untzi batek zazpi urte ematen ditu itsasoan, eta zazpigarrenean janaria amaitzen da.

Nagusiak orduan untziko mutil bati masta gainera igotzeko agintzen dio, ezer lortu gabe.

Mutilak lehenik hil dezaten eskeintzen du bere burua, baina salbatzen da, azkenik lehorrean ikusten bait du nagusiaren alaba leiho baten ondoan josten.

Ikusten dugu, beraz, euskal baladak bat bateko etena nahiago duela bukaeran (gonbara Leisibatxo).

Ezagutzen ditugun balada honen aldaera guztiak Azkuek eta Donostiak bildu zituzten.

Bere CPVn, Azkuek hiru argitaratu zituen: 410 zba. Mugerrekoa (L), 865 zba. Ziburukoa (L), eta 827 zba. Orabarrekoa (BN).

Azkueri, bere berriemaileek kanta hau Colonen lehendabiziko bidaia kontatzen zuela esan zioten.